Baigorrin izan nintzen joan den igandean. Aurtengo Nafarroaren Eguna berezia zen, duela 30 urte ospatu baitzen lehen edizioa. Gauzak aldatu dira ordudanik baina muga gainditzeko ilusioak bizirik dirau, zorionez, eta muga bera bizirik dago oraingoz ere, tamalez.
Muga inposatu zigutenetik, BaxeNafarroa eta Nafarroa Garaia bereizi zituzten. Mendeak behar izan zituzten harreman ekonomiko, politiko eta pertsonalak ahultzeko, eta ez dute inoiz lortu muga horma bilakatzea. Izan ere etengabekoa izan da mugaren gaindipena, gure herriak mugaren gainetik bizi nahi izan duelako.
Eguraldi kaxkarrak eragindako oztopoen gainetik jende ugari bildu ginen Baigorrin lehengoan eta Nafarroa Euskal Herriaren oinarria dela aldarrikatu genuen, berriz ere. Egun batzuk lehenago, Iruñean UPNk bere kongresua egin zuen. Ordu guttitan erabaki zuten alderdiaren ildoa. Hobe esanik, ordu guttitan txalotu zuten zuzendaritza mailan egindako ituna. UPN alderdi autoritarioa da jendarteari dagokionez, baita barneari begira ere. Catalan eta Barcinaren arteko lehia, esaterako, isilpean burutu da, irudia salbatzea lehentasuna izan delarik. Eta batasun irudia eman dute, egia esan, nahiz eta hainbat eztabaida gainditu gabe dituzten.
UPNk ez zuen Nafarroaren Eguna ontzat ematen. Haiek 1512ko konkista ospatzeko asmoa dute, espainiar monarkiarekiko menpekotasuna onuragarria baita haiendako. Nafarroaren Eguna gaur egun frantziar estatuaren menpe dagoen Baigorri herrian ospatzen baldin bada 1512ko konkistagatik da, hain xuxen, urte hartan egindako erasoa izan baitzen mugaren sortzailea. Konkista hura izan baitzen Nafarroaren zatiketa eragin zuena.
Begibistan daude Nafarroa ulertzeko bi moldeak. UPNrena, Madrili begirako eredua da, eskuinaren interesen araberakoa, kolonizazioarena. UPN kolonizazioaren kudeaketaren oinarria baita. Kolonizazioari esker nagusitzen dena.
Baigorrin islatu zen beste moldea gure nazio nortasunarena da. Gure herri eskubideena, hots. Iraganeko tragediak gaindituta, askatasun etorkizuna eraiki nahi duen Nafarroa. UPNrena Navarra foral eta española da, 1936koa, eta, batez ere, 1512koa, konkistarena.
Bi Nafarroa hauen arteko talka mahai gainean dago aspaldi. Eta edonork antzematen ahal du 2012ren datak eztabaida piztuko duela. Finean, zer izan nahi dugu, Espainiaren eta Frantziaren azken kolonietarik bat ala nazioa askea? Kontua ez da iraganari buruz dugun ikuspegia, etorkizunerako amesten duguna baizik.
Euriak ez zuen Baigorriko sua itzali. Piztuta dago, izan ere, askatasunaren sua.
(Testu hau Infozazpi irratirako egina da)