“Ihes betea zilegi balitz, nonbait balego bakea…”. Agian hau edo antzekorik pentsatuko zuen Rodriguez Zapaterok La Moncloatik ateratzean, porrot eginda. Izan ere, urrun, hagitz urrun dago 2004ko espainiar hauteskundeak ustekabean irabazi zituen Zapatero hura.
Deus gutti gelditzen da gizonak piztu zituen itxaropenetatik. Zapatero iritsi zen espainiar gobernura, ez dezagun ahantz, PPk martxoaren hamaikako erasoak gaiztoki baliatu nahi izan zituelako. Egoera zail eta nahasiaren erdian, han zegoen Zapatero eta aski ezezaguna bazen ere, lehen mailara igo zen egun batetik bestera. Garaipen hura ez zegoen gidoian eta, ziurrenik, Zapaterok berak ez zuen espero.
Ustekabean zegoen, berriz, aukera ederrena. Politikagintza menperatzen duten potereen onarpenik gabe irabazi zuen Zapaterok. Argi esateko: haiek ere ez zuten gizona serio hartzen. Baina gobernuburu bilakatu zen eta, hasieran, aukera hori baliatuko zuela pentsatu zuen jende askok. Nik ere, aitortzen dut, aukera baliatu zezakeela pentsatu nuen. Idatzi ere egin nuen, egia esan. Zergatik? PSOE eta espainiar politikagintza berritzeko aukera zuelako, lehen aipatutako botereak (PSOEko bunkerra barne) lekuz kanpo gelditu zirelako shock hartan. Martxoaren 11k ekarritako shocka parada ederra zen politikagintza berritzeko, estatu ereduari beste begirada emateko, ekonomiaren inguruko irizpideak aztertu eta aldatzeko…
Oraingoa ez da Zapaterok ilusio hauek nola deuseztatu dituen azaltzeko tenorea, baina oso tristea izan da nola etsi duen ikustea. Tristea da, ez baita soilik bere porrota, guretako, euskal herritarrondako, aukera baten zapuzketa izan delako, finean. Beste zapuzketa bat.
Orain, martxoaren 11ko atentatuak egin izan ez balira irabazi behar zuen Rajoyk gobernu berria osatu du. Ez gara 2004ra itzuli, jakina, baina 7 urte hauetan aukera handia galdu da PSOEk, berriz ere, burua makurtu eta politikagintza menperatzen duten potere ez demokratikoen zerbitzura jarri delako. PSOEk bere buruaz beste egin du, ateak zabal zabalik utzi dizkio PPri eta, orain, barne lehiaren amildegitik behera doa. 2004ko apirilan, hauteskundeak ustekabean galdu ondotik, zulo ilun batean zegoen PP alderdia argi betez agertzen zaigu orain, aurpegia garbituta, Zapaterori eta PSOEri esker. PSOEk birziklatzeko auekra oparitu dio PPri.
Ihesaldi itsusia, zinez, Zapaterorena!