Urte berria Nafarroan

Nolabaiteko eguberri suetena gaindituta, astintzen hasiak dira Nafarroako bazterrak berriz ere. Norbaitek pentsatu bazuen egonkortasun eza atzean geldituko zela, makur zebilen. Barzinaren gobernuak ez du orekarik lortu eta ez dirudi erraz lortuko duenik.

Hasteko, egoera sozioekonomikoaren aurretik, murrizketak eta bestelako astakeriak baino ez ditu agendan, eta oso gaizki eramaten ari dira krisiaren kudeaketa, dietak eta antzeko auziek higadura handia ekarri dietelarik. Ez dago lidergorik, betiko mezuen errepikapena baizik.

Bestalde, PSOEren gaitz bipolarra gero eta ikusgarriagoa da. Gobernuan eta oposaketan une berean egon nahi dute PSOEkoek, bi erreferentziak batera galtzeko arriskuari nekez ihes eginen diotelarik. Orain, estatu mailan, oposizioan dago PSOE eta ezeroso bilakatzen zaie Nafarroan UPNren eskutik jarraitzea. Baina, Robertico lehendakariordea da, PSOEko beste kide asko poltronetan eserita daude eta ederki dakite UPNrekiko ituna hautsiz gero, eserleku, dieta eta soldata horiek laster desagertuko zirela.

Partido Popularra ere oposizioan dago, nahiz eta UPNrekin batera joan diren espainiar korteetarako hauteskundeetara. Rajoy La Moncloan egonda, indarturik agertzen da Cerveraren alderdia, baina nahaspiloan sarturik dago, gobernuan dagoen alderdi baten laguna eta bestaren arerioa izanik, zaila baita profil argia eskaintzea.

Gauzak honela, UPN, PSOE eta PP hamaika lotura eta kontrakotasunetan korapilatuta agertzen dira, eredu ideo-politiko nagusietan ados daudelarik. Eta hauxe da, hain zuzen, gainbehera doana Nafarroan 1512ko konkistaren 500. urteurrena betetzen den honetan.

Gero eta ahulagoa da Navarra foral eta españolaren eredua. Azken bi hauteskundeetan nabarmena izan da espainiartzaleen atzerako joera. Eta are agerikoagoa jendarte eta ideologia mailan.

Krisialdiran amildegiaren hertzean ongizatearen espaianiartasunaren mitoa erori da. Jada ez du balio konkistaren ondorioak izugarrizko negozio errentagarriaren errelatoan estaltzea. Konkistatu gintuzten eta arruinatzen gaituzte. Argi dago. Eta espainiarren aldeko klase politikoa ekonomiaren gainbeheraren arduraduna da. Halaxe ikusten du gero eta jende gehiagok Nafarroan eta alderdi espainiartzaleek badakite.

Egoera honen aurrean, Navarra foral eta españolaren ereduaz bat egiten ez dutenen jarduera gako nagusia izanen da, etorkizunean zer etorriko den jakiteko. Jendartean egoneza zabaltzen ari da. Foru Hobekuntzaren Nafarroaren higadura begibistakoa da, eta datozen murrizketek ez dute inposatutako ereduaren irudia hobetuko.

Aldaketa behar dela nabarmena da. Konkistaren urteurrenak aukera ederra eskaintzen digu iraganaz ez ezik geroari buruz ere hausnarketa sakona egiteko. Eta ez hori bakarrik, guziz beharrezkoa baita hitzetatik jardueretara pasatzea. Bestela esanda, bestelako nagusitasuna eraikitzea, aldaketaren aldeko gehiengo baten baitan.

Oinarriak ezagunak dira: euskal lurraldeen elkartasuna eta herriaren aldeko politiko sozioekonomikoa. Euskal Herriaren batasunaren bidean urratsak ematea eta justizia soziala lortzeko neurriak hartzea. Hauexek dira bestelako Nafarroaren zutabeak. Haien inguruan lortu behar da gehiengo berria.

Baina horretarako, gaur egungo zatiketak eta barne liskarrak gainditu behar ditugu. Horretarako, gaur egungo ereduaren magalean zoko goxoak aurkitzeko tentaldia behin betirako baztertu behar da. Hori ez baita bidea. Ezkerraren eginbeharra ez da egoeraren esparruetan murgiltzea, egoera bera aldatzea baizik. Nafarroa Bai izan zenaren gainbeherak aski argi erakusten du eredu horren porrota. Hori ez da aldaketaren formula.

Aldaketaren bidea ez da Navarra foral eta españolaren aurpegiaren garbibetatik pasatzen. Bestelakoa da egin beharreko hautua. Aukerak mahai gainean daude, nafar askoren eskaera ozen aditzen da. Zeren zain gaude, beraz?

Duela 500 urte indarrez kendu ziguten askatasuna gurea delako, gureganatu behar dugulako, indarrak bil ditzagun, Nafarroa lehenbailehen aske izan dadin.

There are no comments yet. Be the first and leave a response!

Leave a Reply

Wanting to leave an <em>phasis on your comment?

Trackback URL http://elomendia.com/2012/785/trackback/