1507ko martxoaren 12an hil zuten, Bianan, Cesar Borgia ospetsua. Borja zen bere jatorrizko abizena, baina Borgia gisa ezagutzen da, gehienez.
Zer egiten zuen gizon honek Nafarroan garai hartan? Erantzuna luzea izan daiteke, baina aski interesgarria, ene ustetan, Nafarroako Konkistaren 500. urteurren honetan onuragarria delako erasoa justifikatzeko erabili diren asmakizunak agerian uztea. Finean, horietako batean, hain zuzen, uztartu behar dugu gure pertsonaia.
Cesar Borgia, edo Borja, nahi dugun moduan, aita saindu baten semea zen. Alejandro VI. arena, hots. Cesar Iruñeko apezpiku izendatu zuten XV. mendearen bukaeran, baita Nafarroako erregeren arrebarekin ezkondu ere. Halarik ere, ez zen garai hartan hemendik ibili, Italian baizik. Izan ere, aita sainduaren armaden buru bilakatu zen. Izan zituen gatazken testuinguruan, bere familiak nagusitasuna galdu zuenean, preso hartu zuten eta espainiarren menpe bukatu zuen, Gaztelara eraman zutelarik.
1506an ihes egin zuen eta bidai zail baten ondotik Iruñera iritsi zen. Nafar errege-erreginaren zerbitzura jarri eta espaniarren laguntzaile sutsuak ziren Leringo Kontearen beamontesen kotrako armada agindu zuen. Duela 495 urte, konkistarako bost urte falta zirelarik, segada batean erori eta hil egin zuten, Bianatik hagitz gertu. Heriotzak ez zuen, alta, borroka horren ibilbidea makurtu. Leringo kontearen aldekoek porrot handia jaso zuten, Nafarroatik kanporatu zituzten eta Fernando Katolikoak Nafarroan eragiteko tresna handiena galdu zuen.
Konkistatzaileen propagandak zabaldu du etengabeko gerla zibilaren gezurra 1512ko erasoa ontzat emateko. Iruzur horren arabera, konkistak gerlei amaiera emateko balio zuen. Nafarroa gainbehera zihoan eta, beraz, konkista ez zen kaltegarria izan, natural eta onuragarria baizik.
Ez zen hala izan, berriz. 1507an, besteak beste Cesar Borjari esker, nafar errege-erreginak Leringo Kontearen beamontesak suntsitu zituzten eta gerla zibila bukatu zen. Garaipen horren ondotik gogotik aritu ziren erresumaren antolakuntzan nahiz indartze jardueretan, espainiarren aldeko barne erasoa gaindituta. Alperrik, ordea. 1512an espainiarrek, Nafarroa barne zatiketaren bidez hartzeko aukera guziz itxita ikusirik, eta Nafarroak, aurretik Cesar Borjak berak bezala, beren eskuetatik ihes egiten zuela atzemanik, konkista armatu zuzenari ekin zioten.
1512an ez zegoen gerla zibilik Nafarroan. Bost urte lehenago bukatu zen, zehazki, Cesar Borja hil zuten urtean. Espainiarrek Nafarroa armen bitartez konkistatu zuten bestela lortzeko bide guziak itxita zeudela ulertu zutenean. Utz ditzagun alde batera, beraz, gerla zibilaren inguruko gezurrak!
Urte asko, gehiegi pasa dira ordutik, eta gaur egungo nafarrok eta orohar, euskal herritarrok, ez gara iraganari begira bizi, zorionez. Alta, nondik gatozen eta nora goazen jakin eta erabaki nahi dugunez, iragana ezagutu eta, batez ere, menpekotasuna errotzeko sortu diren gezurrak agerian uztea ariketa osasungarria da. Balia dezagun, honenbestez, Cesar Borjaren heriotzaren urteurrena, konkistaren benetako ezaugarriak izkutatzeko erabili diren errelatoak biluzteko.
[...] Duela 495 urte: Cesar Borja eta gerla zibilaren iruzurra 0 [...]
Floren, “espainiar” hitza erabiltzen duzu artikulu honetan, baina historiari kasu egiten badiogu, ondo jakingo duzun bezala, garai hartan Espainia ez zen existitzen. Zerbait izatekotan gaztelarrak izango ziren.
Ez nago ados. Garai hartan espainiar hitza erabiltzen zen. Nafarroako konkistan eta aurreko urteetan maiz agertzen da, bai beren burua espainiartzat jotzen zutenen aldetik, baita beste batzuen aldetik ere. Fernando Katolikoak, bestalde, Gaztela eta Aragoiko poterak bildu zituen, arazo batzuk ahaztu gabe, baina kontrolatu zituen. Ea gara soilik Gaztelari buruz ari, beraz.
Bestalde, zer da existitzea? Existitzen da orain Espainia? Noiz hasi zen existitzen? Terminologiaz ari naiz ni eta garai hartan erabiltzen zer terminologia erabili dut artikuluan. Milesker eta ongi izan!
1507 orain dela 505 urte da, ez 495 urte,
Kontxo! Egia da, zuzenduko dut!