(Testu hau infozazpirako egina da)
Berlusconiri eman dioten kolpea tentagarria da, baina nik Nafarroaz hitz egin behar dut. Honenbestez, italiar politikariaren ergel aurpegia utzi eta Leitzara abiatuko naiz.
Ergelkeriez asko dakite leitzarrek, ergelkeriak eta astakeriak pairatzen baitutuzte sarri. Azkenengoan, inoiz gertatu ez zen ETAren atentatuaren ingurukoak.
Komunikabide gehienek ez dute aipatu ere egiten, baina Leitzan, joan den asteburuan, izugarrizko mobilizazioa egin dute gertatutakoa argi dezaten eskatzeko, eta batez, ere Guardia Zibila joatea nahi dutela aldarrikatzeko. Komunikabideek garrantzi handia eman zioten hasieran zabaldu zen bertsio ofizialari. Gero, ETAren parte hartzea baztertu zelarik, gaia estali zuten. Politikari gehienek bergauza egin zuten. Batzuk, Miguel Sanz adibidez, zauritutako guardia zibila biktimatzat jotzen saiatu ziren.
Borrero eta biktimak bereizten ikasteko ez da altxamendu faxista eta frankismoaren garaietako hiltzaileen ondorengo politikoengana jo behar, jakina. Ezta inoiz gertatu ez zen atentatua salatu eta sakonki aztertu zutenengan ere. Izan ere, analisia sakonak egin zituzten ustezko atentatua eta ezker abertzalearen barne eztabaidaren arteko ustezko kontraesanak aipatuz. Ez da ahantzi behar, bestalde, alderdi politiko gehienek ere erantzun gogorrak argitaratu zituztela. Horien artean, joan den asteburuko manifestazioa babesten zuen Nafarroa Bai koalizioa.
Atentatuaren aukera alde batera utzi ondotik, bertsio ofizialaren kontrako kritika batzuk entzun ziren, baina bestelako kritiken zain nago ni oraingoz. Amua irentsi, bola bultzatu eta kondena, interpretazio eta analisi sakonen putzu zikinean murgildu ziren batzuen autokritikaren esperoan jarraitzen dut. Ez da aski espainiar gobernuaren jarrera salatzea. Iruñeko udalan, esaterako, espainiar poliziekiko atxikimendua agertarazi zuten Nabaikoek inoiz gertatu ez zen atentatuaren gaitzespen agirian. Atentatua ez zen hori egin zutenekiko elkartasuna agertarazi zuten beste batzuek ere. Non dago beren autokritika?
Borroka armatuaren inguruko jarrera espainiar nazionalismoarekiko menpekotasun edota konplizitate jarrerak estaltzeko erabili dituzte batzuek azkenengo hamarkadetan. Aro berri baten beharraz mintzo diren batzuk bide horretatik ibili dira, eta ez diote ibiltzeari utzi Leitzako gertaeren aurreko beren jarrerak adierazten duenez.
Ezker abertzaleak garesti ordaindu du espainiar eta frantziar estatuen ezarpenen aurreko jarrera sendo eta irmoaren salneurria. Beste batzuk, berriz, borroka armatuaren kondenaren aitzakiaz, nazio eraikuntzari eman diote sorbalda Euskal Herriaren deuseztatu nahi dutenen eskutik joanez. Oraingoan ere, nahiz eta iraganean beste inork egin ez ditun ahaleginak garatu, ezker abertzaleak iragarri du beregan hartzen duela aro berria erakartzeko ardura nagusia. Beste egoera politikoa eraikitzeko saioen aurrean geldirik edo trabak jartzen ibili diren batzuek, beren ardura onartu beharrean, ezker abertzaleri gehiago eskatzen diote.
Hori ez da bidea. Ezker abertzaleak urratsak eman ditu eta ziur asko gehiago emanen ditu. Baina hausnarketa eta autokritika sakonak egin beharko dituzte beste batzuek, gure herriaren askatasuna ukatzen duten horien menpe erori baldin badira, beren arduragatik izan delako. Bukatzen ari dira borroka armatua beldurrak eta alderdikeriak estaltzeko aitzakia gisa erabiltzeko garaiak.
Leitzan gertatutakoa ikasgai hartu beharko lukete batzuek. Ongi dago manifestazioa babestea, baina hurrengoan, oraingoz hobe joku zikinetan parte ez hartzea.
Leitzan atentatua izan ote zen, nik ez dut inolako zalantzarik: Leitzan atentatua izan zen; Guardia Zibilak egindakoa. Zer da, bada, atentatua ez eta, tipo bat arma eskuan, noranahi tiroka aritzea, gauez, auzokideengan arriskua (bizi-arriskua), izua eta larritasuna eraginez, entrenamendua?