Euskaldunok ez gara justiziarik gabeko mundu honetan errepresioa pairatzen dugun bakarrok. Zorigaitzez, zerrenda luzean gaude sartuta eta gure egoera gogorra den arren, badira askoz era makurrago bizi diren herriak. Desagertutako herrien multzoa gizentzen ari direnak, adibidez.
Gu ez bagara desagertu, Euskal Herriak bizirik badirau, mota guzietako ezartze-kolonizazio-okupazio-errepresio saioei aurre egin zaiolako da. Errepresioa, finean, gure herria suntsitzeko estrategien osagaia izan da, adierazpen larriena, nahi badugu, baina ez bakarra. XXI. mendean sartuak gaude, alta, oztopo guzien gainetik pasa garelarik. Euskal Herria desagertarazteko jarduerak ez du bere xedea erdietsi eta gure herriak aske bilakatzeko ametsari eutsi dio, ametsak errealitatea bihurtzeko grina indartzen eta zabaltzen joan delarik.
Hau da, laburki, 2009. urtean jasandako errepresioaren areagotzearen arrazoi nagusia. Bizirik gaudelako kolpatzen gaituzte. Orain arteko jipoi guziak alperrikakoak izan direlako. Lurrera botata ere, beti altxa egiten baita Euskal Herria. Burua gora duelako beti euskararen herriak.
Dena den, ez dugu gure burua idealizatu behar. Gurea ez da supergizon-emakumeen herria. Gu ez gaitu inolako Jainkok hautatu. Gutti gara euskaldunok mundu erraldoi honetan. Sakabanatuta gaude, zatitua, bereizirik, denbora luzaz elkarren kontra bizi izan garelarik. Ez dugu sekula ere aliatu boteretsurik izan. Hormaren kontra jo dugu, edota gure buruaren kontra jardun dugu behin baino gehiagotan, bidea ezin kausituz. Bizirik jarraitzeko mirakuluak indarrik gabe utzi gaitu sarritan, bestelako etorkizunik ezin irudikatuz. Gure hil-agiria idatzi eta sinatu dute aunitz aldiz. Batek idatzi bazuen zihoan herria ginela, beste batzuek joandakotzat hartu gaituzte. Akabo Euskal Herria. Akabo arazoa, afera, auzia, akabo gatazka!
Badira etsipenean eroritako euskaldunak, badira gutaz idatzi edota esandako gezurrak barneratu dituztenak. Menpekotasuna onetsi dutenak. Baita itxaropena galdu dutenak ere.
Berpizteak ere izan ditugu, eta une gozo horiek izan dira beti eraso handiagoen atariak. Burua altxatu bezain laster lepoa moztu nahi izan digutelako, edozein astakeria eginaz. Francoren diktaduran sua piztu zen Euskal Herrian, faxistek kizkalitako herrian, errautsetatik izan bazen ere. Errepresioa oso krudela izan zen, mugarik gabekoa, izugarria, baina itzali nahi zuena piztu zuen indar handiagoz. Euskal Herria akabatu nahian herriaren askatasun grina biderkatu zuten.
Francoren ordezkoaren pean ere jarraitu zuen eta jarraitu du errepresioak, gerla zikina ta guzi, baina askatasuna eskuratzeko borondatea ez da amildu. Halaber gertatu da askatasun, berdintasun eta anaitasunik gabeko frantziar errepublikaren menpeko lurraldeetan, asimilazio planek porrot egin baitute.

Begibistakoa da errepresioa areagotu dela gure herria indartu den bakoitzean. Eta hauxe da orain gertatzen ari dena. Gatazka ETAren inguruan kokatu nahi dute, jakina, estatuen indarkeria ukatuz, eskubideen urraketa nagusiak nork gauzatzen dituen izkutatuz, baina lehiaren funtsa politikoa nabarmena da eta ezin izan dute desitxuratu. Euskal Herriak bere buruaren jabe izan nahi du, eta frantziar eta espainiar estatuek ez dute onartu nahi, hauxe da afera. Izkutatu nahi dutena, agerian dagoena.
Errepresioa indar agerpen gisa saldu nahi dute, baina beren ahuleziaren adierazpena da. Frantziar eta espainiar estatuen arteko elkartasuna, adibidez, ez da “terrorismo” deitzen dutenaren kontran Frantziak Espainiari eskaintzen dion “laguntza” biek desegin ezin izan duten herriari elkarrekin aurre egiteko elkarbidea baizik. Elkarren arteko loturak estutu dituzte, bai, baina arazo bera dutelako, biek dutelako Euskal Herria nazio gisa ukatzeko estrategia.
Hondarreko urteotan erabili dituzten tresna errepresiboek ere ez dute helburua lortu, nahiz eta ekaitza hagitz
bortitza izan den. Inork ez du ukatzen estatuek gure herria mintzeko duten gaitasuna. Baina agerikoa da min horrek ez gaituela itotzen, are guttiago itsutzen. Kartzelak betetzen ari dira. Ilegalizazioen bidez errepresioaren esparruak zabaldu dituzte, edozein jarduera politiko kriminalizatu dute, baina herri hau ez dute geldiarazi, ezta geldiaraziko ere!
Urrats berriak galarazi nahi dituzte
Beti izan dira begibistakoak errepresioaren helburu politikoak. 2009ko urtean antzeman dugu estatuek etengabeko gatazka eta blokeo egoeran kateatu nahi gaituztela, badakitelako etor daitezkeen aldaketek herriari emanen diotela hitza eta, honenbestez, gaur egungo menpekotasun egoera gainditzeko aukera eskainiko dutela.
2009ko sarekada handiak, urte bukaeran gertatutako Egunkariaren epaiketaren hasiera, beste prozesuen eboluzioa, tratu txarrak, kartzeletako egoeraren makurtzea, toxikazioak, Ion Antzaren kasua… urte gogora izan da gibelean uzten duguna. Urte gogorra baina itxaropenerako beta eman duena.
Errepresioa areagotu da ere itxaropen hori hil nahian, hain zuzen. Ordezkari politiko ezagun eta gazte militanteen kontrako operazioak, estatuen aldeko propagandak bereizi nahi izan dituen arren, bide beretik etorri dira. Estatuek Euskal Herrian berpizten diren ilusioak lehenbailehen itzali nahi dituzte. Independentziaren aldeko indarren arteko loturak galarazi nahi dituzte eta konponbide politikoaren aukera agertokitik atera nahi dute, irtenbide poliziala goraipatuz.
Esanguratsuki, estatuek indar oroz kolpatzen dute ezker abertzalearen aldetik urrats ausartak mahai gaineratzen direlarik, eztabaida sakon eta irekiak gauzatzen direlarik.
Esanguratsua da, halaber, eraso hauei gure herriak eman dien erantzuna. Herria izutu nahian herria piztu dute. Etsipena zabaldu nahian itxaropena eta aurrera jarraitzeko asmoa indartu dituzte. Bidea itxi nahian bidea jendez bete egin dute. Errepresioa, oraingoan ere, bere arduradunen kontra itzuli da.
Errepresioaren ekaitzaren erdian aurrera egiten ikasi duen herriak…
…ez du errepresioan bizi nahi. Bestelako egoera batean bizi nahi du eta lortzeko eman behar dituen urratsak emateko prest dago, oraingoan ere.
Euskal Herriak ez du errepresioaren ekaitzaren erdian kabia egiteko asmorik, errepresiorik gabeko egoera eskuratzeko determinazioa baizik. Kolpeak jasotzea ez baita herri honen etorkizuna, are guttiago herri honen patua.
Nabarmena da errepresioa ez dela erraz geldiaraziko. Ezta bestelako agertokiak eraikitzeko urrats gehiago emanik ere. Gaur egun errepresioa da estatuek euskaldunon askatasuna ukatzeko duten tresna bakarra, eta erabiltzen jarraituko dute. Aldaketa oztopatzeko aukera bakarra delakoan, agertoki berrietarako bidea zaildu nahi dute gatazka egoera luzatuz, irtenbideari ate guziak itxiz.
Errepresioak itxaropena deuseztatu nahi du, etsipena bilatzen du. Errepresioak irtenbide poliziala bideragarria dela sinestarazi nahi digu, espainiar eta frantziar nazionalismoen ahulezi politiko eta ideolojikoa izkutatuz.
Baina errepresioari eginen diogu aurre, eta gaindituko dugu, orain arte gaindutu dugun moduan, errepresiorik gabeko eskenatokia erakarriz, kosta ahala kosta. Errepresiorik gabeko Euskal Herria ez baita amets ergel bat, lortuko dugun helburu gauzagarria baizik.
Gauza handiak egiten ahal ditu herri ttiki batek nahiz eta aurrean bidea oztopatu nahi duten estatu erraldoiak izan. Gure herriak erakutsi du mirakulua egingarria dela. Inoiz baino hobe egiteko tenorea da.
Pauso handiak emateko garaiak dira hauek. Erronka erraldoiak ditugu gure aurrean eta errepresioa gure bidea oztopatzen saiatuko da, probokazioen bidez, baina gure eskuetan dago errepresioa agerian uztea, indargabetzea, baita kolapsatzea ere.
Ekaitzaren erdian ere eguzki gozoa sentitzen dugu. Gatazkaren soinu hotzen artean pakearen musika ederra amesteko gai gara. Zauriek minduta ere, falta direnen hutsuneak kolpaturik ere, askatasun ezak itota ere, aurrera segituko dugulako, libre bizitzeko erabakia ez baita amets hutsa, gure buruarekin hartu dugun konpromezua baizik.