Garzonen azken autoak argi uzten du. Aitzakia? ETAren ustezko agindua. Inkisizioaren garaietan bezala, orain ere aski da susmoa, aski da aurretik erikitako teoria edozer eta edonor kriminalizatzeko.
Esaten digute ideia guziak defendatzen ahal direla. Esaten digute indarkeria dela kriminalizatzen duten bakarra. Gezurra da, alta. Ideiak kriminalizatzen dituzte. Finean, espainiar nazionalismoak euskal abertzaletasuna kriminalizatzen du. Beti egin duena, bestalde.
Gauzak horrela, argi dago espainiar nazionalistek ez dutela agertoki berririk nahi. Independentziaren aldeko indarrak sakabanatu eta ahuldu nahi dituzte, gaur egungo ukapen egoera luzatzeko. ETA aitzakia da, beti izan da.
Oraingoan, indar independentisten elkarbidea eta Eusko Alkartasuna jarri dituzte errepresioaren jopuntuan. Edozein jartzen ahal dute bihar. Espainiar nazionalismoaren ezarketari aurre egiten dion edozein, jakina.
Oldarkor dabiltza espainiar nazionalistak. Agerian utzi dute zer lortu nahi duten. Ene ustetan, bestelako Euskal Herria amesten dugunok zerbait ikasi beharko genuke eraso honetatik. Aunitz gara, gure indarraren beldur dira. Eztabaida politikoak izutzen ditu. Horregatik eztabaida bera debekatzen dute, ETArekiko laguntzaren aitzakiaz.
Indar independentisten elkarbidea agindu duena ez da ETA. Herritar independentistak dira/gara elkarbide hori eskatzen dugunok. ETAk nahi duena esanda ere. ETA iritzi horretakoa izan ala ez.
Jarrera defentsiboan jarri nahi gaituzte. Beldurtu nahi gaituzte. Haiek dira, berriz, izututa daudenak. Mehatxua eta errepresioa, horiek dira eztabaida politikoa ukatzeko dituzten tresna bakarrak. Besteok, aldiz, ideiak ditugu, argudioak, proposamenak, egitasmoak, eta gure jendartearen eskuetan jarri nahi dugu Euskal Herriaren etorkizuna.
Hemen nazio egitasmoen arteko talka dago. Baina batzuok konponketa demokratikoa defendatzen dugun arren, beste batzuek inposizioaren bidea hartu dute. Ez dute erabakia herriaren eskuetan utzi nahi. Eta horrek bereizten gaitu. Hau da demokrata eta ezdemokraten arteko benetako marra.
Horregatik, ezdemokratek argudioen ordez auto judizialak jartzen dituzte mahai gainean.