Leku batera iritsi nahi duenak bidaiari buruzko teoriak sortu baino hobe du ibiltzen hastea. Hauxe egin dugu independentistak sarea abian jarri dugunok. Begibistan dago batzuek beste zerbait espero zutela, baina gure asmoa ez zen untxiak txisteratik ateratzea, urrats sendo bat ematea baizik. Erdietsi delakoan nago. Izan ere, kontua ez da behin behineko ekimen zaratatsuak abiatzea, norabide argiko apostu sendoak errotzea baizik. Bestalde, agerian gelditu dira zabaldutako gezurrak. Gure herriaz hainbeste omen dakiten horiek oraingoan ere okertu dira!

Uste dut ekimenak ilusioa piztu duela milaka independentistengan. Hau zen xedea, beraz, bada zer ospatu. Ilusioa baino gehiago beharko da independentiston indarrak biltzeko, baina egiten hastea bada zerbait. Sarea ez da egun batetik bestera osatuko, baina honek ere aukera ederra eskaintzen digu aniztasunari leku emateko, iritziak biltzeko, eztabaida zabalak garatzeko, finean, denok ekimenaren protagonista bilakatzeko.
Batzuk falta ziren Donostiako argazkian? Batzuek ezin izan zuten etorri, preso edo kanpoan daudelako, edota politikagintzan aritzea debekatu dietelako. Beste asko hurbiltzen ari dira dagoeneko (bero bero dabil atxikimenen zerrenda!) Ez dago, alta, inor behartzeko arrazoinik. Ekimenean parte hartzen ez duenak berak jakinen du zergatik. Ateak irekita zeuden, daude eta egonen dira, jakina, aniztasuna baita XXI. inpependentziaren aldeko sarearen oinarri nagusietako bat.
Ari gara, etorri gurekin!